eu es fr
 Zapart Euskal Artisten Sarea

Euskal artisten sarea

Zapart sareak Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten artista profesionalen* saretzea eta horien lana sustatzea du helburu.

Arte plastiko/bisualetan diharduten artistak gara eta artistontzako tresna dugu Zapart. Ikusgarritasun fisikoa lagundu, sorkuntza sustatu eta belaunaldi, genero eta praktiken arteko zubiak eraiki nahi ditu Zapart sareak.

*Artista profesionalak gutxienez ondoko baldintza horietako bat betetzen du:

  • edo Arte ikasketak eginak ditu
  • edo/eta sorkuntza prozesu propioa darama, hau da, artean murgilduta dago eta artelanen bidez ildo bat garatzen du, denboran zehar garatzen eta eraldatzen bada ere.

Ikusgarritasuna lagundu

Ugari izaten dira mundu birtualeko sareak, katalogoak eta bildumak. Zapartek, oinarria mundu fisikoan ere jarri nahi du. Euskal Herrian dagoen azpiegitura ugaria baliatuz, artea jendartean bertan txertatu nahi du.

Arteak bide luzea du gurean. Alta, publikoak artearekin duen harremana auzo-herrialdeetan baino txikiagoa dago. Kultura hau garatzen lagundu eta jendartean onuragarria den artezaletasuna indartzeko ahaleginak eginen ditu Zapartek, erakusketen bidez edota bestelako tresnak sortuz.

Sorkuntza sustatu

Artistok gure bidea garatzeko aurkitzen dugun oztopo nagusiena baliabideena da. Izan azpiegitura ala ekonomikoa, arte sorkuntza garatu ahal izateko bideak aurkitu eta proposatu nahi lituzke Zapartek.

Alde batean asko eraikitzen den bitartean, beste leku batzuetan berriz, hutsak edota azpi-erabilitako egoitza asko daude. Denbora berean, artearen inguruan eta leku zehatzetan garatutako proiektu ederrak sortu dira. Bi izaera horietako azpiegiturak baliatu ahal izateko harreman sarea ehundu eta egonaldien antolatzea erraztu nahi luke Zapart-ek.

Lanbidea: artista

Artistak gara. Artearen beharra dugu bizitzeko eta arteaz bizi nahi dugu. Profesionalak izanik eskubideak ditugu eta Zapartek horien aldarrikatzaile eta defendatzailea izan nahi du.

Beste edozein kultura eskaintzendako artisten lana kontuan hartu eta berauek ordaintzen diren bezala, arte plastikoetako sortzaileok gure lanaren saria jasotzeko eskubidea dugu. Aldarrikapen hau gure dinamikaren parte da, errotik.

Erreferentea eta akuilatzailea

Sareak ibilbide luzeko eta fama handiko nahiz ezezagunak eta gazteak diren artistak saretu nahi ditu. Horri esker, arte leku eta instituzioei begira erreferente bilakatu nahi luke Zapartek.

Artisten artean elkartasuna ardatz, artiston arteko elkar-elikatzea nahi genuke. Belaunaldi edota giro ezberdinetako artisten joerak, gogoak, beharrak partekatuz euskal Arte Mundua indartu genezake. Indar horri esker erreferente bilakatu eta ateak zabaldu genitzake.

Hala ere, sareak ez du protagonismoa bilatzen: artistak gara eta gure zeregin nagusia sortzea da. Artea indartzeko eta zabaltzeko asmoa dugunez, proiektuak sor genitzake, baina baita, eta bereziki, beste eragileek garatu nahi dituzten proiektuak lagundu eta ahalbideratu ere.

Euskal Herrikoa

Sare honek euskal lurralde guztietako artistak bildu nahi ditu, administrazio eta estatu zatiketen gainetik, euskal artea deitzen den honi zentzua emateko asmoz.

Logikaz, gutxienez euskaraz komunikatuko dugu; kide erdaldunentzako egokitzapenak era batean edo bestean egiten ahalko ditugu.